ZENBAIT ELIZ- ETA POLITIKA-GAKO
eajandoain @ 01:35
Entzungor. Parrokoen %80 Gipuzkoako gotzain izendatu izanaren aurka azaldu delarik hartu du Jose Inazio Munillak Donostiako apezpikutza. Ez dute jotzen pertsona egokitzat Donostiako gotzain izateko izan ere ezaguna dute Zumarragan 17 urtez apaiz izan zen aldian nolako gogo txarra erakutsi zuen Elizbarrutiaren ildo pastoralarekiko eta beldur dira ez ote duen aldatuko Gipuzkoako eliz-eredua, “Eliza Ebanjelioaren zerbitzura” izeneko agirian jasoa, nahiz eta apaizok jakinarazi duten orain arteko elizgintzari eutsiko diotela. Halaber, ehunka laikok eta erlijiosok ere azaldu du bere egonezina gotzain-izendapen hau dela eta. Deigarria da gaurko gizartean eta politika-giroan halako protestari entzungor egitea. Nor ausartuko litzateke elkarte, enpresa, erakunde... bateko gidaritza hartzen lankiderik hurbilekoenen %80 aurka izanda? Austriako elizbarruti batean (Linz-ekoa) gotzain laguntzaile bat izendatu zuen aita santuak eta kristau elkarteko gehiengo zabala altxa egin zen protesta bizian izendapenaren aurka. Gotzain laguntzaile izateko aukeratutako honek atzera egin zuen eta uko egin zion kargua hartzeari. Austriako gotzainek, berriz, Pastoral Idazki bat egin zuten eliztarrei zuzendua esanez ulertzekoa zela kristauen kezka lekuko elizaren aurkako gotzaina izendatzeko arriskuagatik lekuko elizarako gotzaina beharrean (2009). Baina hemen ez da halakorik gertatu. Zergatik?
Eliz-Loapa. Kezka eta ondoez handia dago Eliz hierarkia Gipuzkoak Elizbarrutiaren nortasun berezia deuseztekotan dabilela susmoa hartuta. Lekuko eliza honen “izaera berezia” Vatikanoko II. Kontzilioarekin (1962-1965) abiatzen da. Kontzilioaren arabera, eliza partikular edo elizbarruti bakoitza da eliza erreala herri zehatz eta une historiko jakin bakoitzean Ebanjelioa hots egitea eta bizitzea egokitzen zaiolarik, gainerako elizbarrutiekin Eliza unibertsala osatuz. Baina unibertsaltasunak edo globaltasunak ez du lausotzen Elizbarrutiak berezkoak dituen ezaguarriak eta nortasuna, izan ere tokian tokiko eliza herri jakin batean errotzen baita, bertako profil, arazo eta ahalmenak kontuan hartuz. Jo dezagun elizbarruti bat sortzen dela Etiopian edo Japonian edo Alemanian eta har dezagun Gipuzkoakoa. Ez dira berdinak ez era berekoak. Ez dute izan behar gainera. Bestela zerbait oker dabil Elizan eta elizbarruietan bertan. Guztiek dute Ebanjelio bera eta Jesusen iparrorratza. Baina bakoitzak bere pastoral egitasmoa antolatu beharko du, dagokion tokiko idiosinkrasiara egokituz. Horrelako elizkera dakarren Vatikano II.a deszentralizazio handia izan zen. Baina gaur egun zentralizazioa ari da nagusitzen Erromatik eta Gotzain Batzarretako buruzagitzetatik, kasu honetan Madrilgo artzapezpiku kardinala, Rouco Varela delarik hurbileko adierazlerik nabariena. Etxera etorriz, nahi dena da elizbarrutietako gotzainak Erromatik eta Madrildik datozen ahots eta mezuen bozemaile eta bozgorailu huts bilakatzea, nortasun bereziak eskatzen duen ahots propioa galduz. Azken finean, Elizan Loapa ezartzera datoz.
Elizan atzera lehengora. Vatikano II.aren aurreko Elizkera dator. Garai haietan apaiza eta gotzaina ziren Elizako subjektu bakarra. Beraiek dira elizbarrutiaren jaun eta jabe. Beraiek soilik hartzen dituzte erabakiak, hau aldatuz, hori ezabatuz, eta hura ezarriz. Eta beraiek bakarrik dira Jainkoaren borondatearen hartzaile eta zabaltzaile. Kristau soilaren eta Jainkoaren artean beraiek daude. Beraiena Eliz eredu eta Jainkoaren ikuskera hierarkikoa da, piramidala, goitik beherakoa. Erabakietan laikoen, erlijiosen eta, oro har, emakumeen esku hartzea lekuz kanpo dago Eliza molde honetan. Hau ez da izan Gipuzkoako elizbarrutiak jarraitu duen eredua ez bidea. Alderantziz, eliz-esparru eta egiturak sortu eta sendotu dira Setien eta Uriarte gotzain izan diren 37 urteetan eta eliz-gune horietan eliz-eragile guztiek –gizon-emakume laikoak, erlijioso eta erlijiosa nahiz apaizak– elkarrekin esku hartzen dute Elizbarrutiaren ildo pastoralak pentsatuz, hitz eginez eta proposatuz. Ez da soilik boluntario mailako esku hartzea –ezinbestekoa, nolanahi ere, pastoralgintza aurrera eramateko– baizik erantzukidetasun edo korrespontsabilitate mailako parte hartzea hemengo elizak nondik joan behar duen gotzainarekin batera erabakitzeko orduan. Fededun helduak eragiten dituen Eliza bizi izan du Gipuzkoak. Hau argi eta garbi agertu du Uriartek Elizbarrutiari agurreko azken homilian. Aldiz, ez dago eliz-eredu honen arrastorik Munillak Donostiako gotzain kargua hartu eta egin zuen lehen homilian, aipamen orokor bat salbu: Elizbarrutiaren ibilbideari bete-betean helduko diola beti aita santuari obedituz.
Gako politikoa. Setien eta Uriarte gotzainak Gipuzkoako eta herri honetako errealitatearen aurrean jarri ziren Elizbarrutian sartu orduko. Beren begiradak berehala ikusi zuen zer esana bazutela eta esan beharra zeukatela Euskal Herrian bizi dugun bake ezaz eta bake nahiaz, Ebanjelioa eskainiz eta Elizaren irakaspena baliatuz. Bi gotzainen ‘bekatua’ izan da, batetik, euskal arazoari heltzea eta, bestetik, auziari bere osoan heltzea egia eta zuzentasuna bilatuz eta aldarrikatuz: ez dira ETAri ezetz esatera eta indarkeria gaitzestera mugatu. Esan dute, ETA baino haratago, herri honetan arazo politiko bat dagoela eta era baketsu, elkarrizketatu eta demokratikoan konpondu behar dela guztion artean inor baztertu gabe. Ez dute ezer esan ez idatzi Gipuzkoako Eliza euskal abertzaletasunaren asmo eta helburuen aldera lerratua dagoela erakutsiko duenik. Inoiz ere ez. Baina euskal gatazka bereziaren aurrean jarri dute Eliza Setienek eta Uriartek, bakeak Euskadin hiru gauza esan nahi dituela azalduz: indarkeria eza, normalizazio politikoa, adiskidetzea. Horra bi apezpikuok defenditu duten egia. Norbaitek pentsatu zuen Elizak Euskadin oraindik duen itzala lagungarri zaiola herri honen kausari eta zirt-zart egitea erabaki zuen. Hala izendatu dituzte 90.hamarkada ezkero Euskal Herrian izan ditugun eta dauzkagun gotzainak. Orain, Munilla Donostiako gotzain berriaren izendapenean ordaintzen ari da Gipuzkoako Eliza, Setien eta Uriarte herri honetako eta herri honetarako gotzain izan izana, Ebanjelioaren eta Vatikano II. Kontzilioaren argitan. Eta hala gertatu da beste euskal elizbarrutietan ere.
Horra hor Munillaren izendapenaren gako politikoa. Ikus dezagun zer dioen gotzain hasi berriak euskal auziaz. Katedraleko sarrerako lehen homilian, aipatu ere ez zuen egin gaia. Zenbait komunikabideetan adierazitakoa irakurri dugu, baina: euskal gizartea politizatuegi dago. Egiteko dagoena da euskal lurra despolitizatzea. Eliza funtsezkoa da helburu hori lortzeko. Ez dauka zer ikusirik Setienek eta Uriartek lau hamarkadaotan utzitako irakaspenarekin. Ikusiko dugu zertan zehazten duen Munillak euskal gizatearen “despolitizazio” delako hori. Bere aurrekoen ildotik ariko ote den ala Roucoren eta Espainiako Gotzainen Batzarraren mezulari eta kontalari bilakatuko den, ETA bestetik ez dagoela salatuz eta arazo politikoa ezkutatuz edo ukatuz. Errealitateari ezikusiarena egingo lioke, eta beraz egiari uko egingo lioke eta konponbide zuzena proposatzeari. Oker larria, gotzain orok ekidin beharrekoa.

Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi