Blokeoa darabiltenetik bestalde, izan badu Herri honek itxaropenezko argi-sare
eajandoain @ 12:54
Autogobernuaren eta aldarrikatzen dugun estatusaren gainean batzuen eta besteen jarreren argigarri izan zaigu Gernikako Estatutuaren onarpenaren 30.urteurrena. Eta honela, Estatutuaren garapenari oztopoak jarri besterik ez diotenak ospakizunean blai eginda ibili direnean, Eusko Alderdi Jeltzaleak garbi zuen adierazten duen jarrera bere ekitaldi apal bezain goresgarrian.
Joan den larunbatean erakundeetan Alderdiaren ordezkari ditugunak Gernikako zuhaitzpean ziren elkartu eta bertatik dokumentua zuen irakurtzen EBBren presidenteak Alderdiaren jarrera Herriari garbi helarazita: “… ez diogula uko egingo Herri bezala dagozkigun eskubideen aldarrikatzeari”, “…geure Foruak indargabetuta utzi zituztenean gertatu bezala ari direla gaur, paktua ez betetzen…, edo epaitegietara eramaten…, edo kamusten… eta nahi bezalako irakurketa egiten …, eta etengabe truke-tresna bihurtzen…”.
Eta argi azalduta Alderdiaren estrategia: “Erabakitze eskubidearen aitorpena” eta “harreman eredu berri baten bilaketarako konpromisoa, Eusko Legebiltzarrak onartua duen Estatutu Politiko Berriak jasotzen duen bezala”.
Horiek Alderdiek joan den larunbatean azaldu zituenak, eta bada oraindik ere hitzok entzunda harritzen denik, zenbait hedabidek haien lerroburuetan honela baitzioten: “bere mezu subiranoena berreskuratzen du PNVk, Ibarretxeren planari dei eginda”. Deigarria dena da “berreskutatze” hitza nola duten erabiltzen eta nola zaien berri-iturri Eusko Alderdi Jeltzalea burujabetasunaren aldeko dela esatea, irakurri besterik ez baita egin behar duela urte bi eskas Alderdiak onartutako txosten politikoa, edo aurrekoa…, PNVk bere bidea definitua duela argitzeko.
Eta Alderdia ez dago errealitatetik kanpo, isolatuta, esaten duenean 30 urteko borondate faltaren ondoren, 30 urtez Madrilek huts egin ondoren Estatutua baliogutxituta dagoela, eta hortaz nahitaezkoa dela marko berri baten gauzatzea non Herri garela aitortua izanen zaigun eta geure erabakitze eskubidea onartua; gustatu ala ez horixe baita Herri honetako gehiengo sozial eta politikoak aldarrikatzen duena. Zentzu honetan interesagarri dira ELAren –geure Herriko sindikatu nagusienaren- hausnarketak bere azken dokumentuan.
“ELAk eszenatoki politikoa zein garbi azaltzen zaion azpimarratu nahi du, dela estatuaren atzera pausoetan –geure autogobernuan, demokrazian, askatasunetan- dela eragile politiko esanguratsuenen politika-estrategiatan, gaurkoetan eta atzokoetan. Eta zentzu honetan zinez uste du, aldaketa politikoa egiaz itxaro duen edozein estrategiak behar dituela bilatu erreferente zaizkionak delako transbertsalitatetik kanpo. Delako transbertsalitate hori kontu-kontaketa besterik ez baita non derrigortzen zaigun estatuaren joko-arau tranpatietara makurtzera, haren bultzatzaile direnek edozer egiten dutenean abertzaleen artekoa eragozteko. Subiranotasun demokratiko eta zibila dugu guk aukera bakar.
…eta espazio horren bilaketa beharko da bereiztu nork bere kokapen politikoa bilatzetik eta erakunde desberdinetan gobernagarritasuna bermatzeko osatzen diren loturetatik; beharko du posible egin indar abertzaleek aukerak aurki ditzaten gutxiengoen elkarlanerako, eta honela aurrera egin ahal, eta azaldu, bat egitearen aldeko nor egon dagoen eta nor ez. Horregatik onartezina da inorenganako betoa izatea aurrebaldintza”.
Alderdi sozialistak eta popularrak “beraienean-jarrai” ari direnean –Alderdien legea…, legekanporaketak…, ezker abertzaleak bide demokratikoa soilik har dezan lanean ari dinenen atxiloketak…, PPSOEk bere estrategian Herri honi normalizazio politikoa atzeratzea besterik helburu ez dutela…- izan bagara, eta ez gutxi gainera, Herri honek bakea eta bere normalizazio politikoa lehen bai-lehen lor dezan lanean ari garenak.
Eta honen harira ELAk bere hausnarketa dokumentuan jasotzen duen beharra erantsi nahi dugu esandakoetara: “... abertzaleen arteko gutxiengoen elkarlanerako beharrezko baldintza izanen da, ETAren aldetik borroka armatua uztea, eta uztea aldebakartasunez, politikazko lorpenekiko loturarik egotzi gabe…”
ELAk plazaratzen dituen horiek esparru anitzetan dabiltzan zenbaitzuek aintzat hartuko dituztela pentsatzeak badu bere logika; eta honela esan ahal izatea, ezker abertzalean ematen ari den eztabaida prozesua izango dela itxaropenezko argi… . Azken bake prozesuan bitartekari arituetako bat etorri zaigu joan den aste honetan lokarriren bitartez hitzaldia ematera –nola berpiztu bake bide prozesua galderaren gainean hitzaldia ematera-; Bryan Curry-k baieztatzen zuen, inolako zalantzarik ez zuela ezker abertzalearen mundua gogoeta aldian, eztabaida sakonean zegoela… “azken hamabost hilabeteotan baitut izan –zioen- ezker abertzaleko kide ugarirekin maiztasuneko harremana, eta diot izan badela multzo zabal handia ekimen berrietarako bat egin nahi duena…, eta ekimen politikoaren arrakasta, biolentziaren amaieraren menpeko da, su etenik egon ezean ekimenak ez baitu aurrera egingo…; eta bai ETAk, bai ezker abertzaleak ulertu egiten dute hori horrela dela...”.
Horra errealitatea; esan, zuhurtziaz arituta ezin saltoka hasi bagaitezke ere, zenbait egiaztapenek digutela esaten, blokeoa darabiltenetik bestalde, izan baduela Herri honek itxaropenezko argi-sare.

Zabaldu
del.icio.us
Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi