Globoetarako gaude ba…
eajandoain @ 05:32
Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste zazpiren atxiloketak azken aste honetan ere informazio izan dira, hedabide gehientsuenetan albistea gutxiesten saiatu badira ere; atxiloketei normaltasunaren baitako tratamendua eman nahi zaie, orain, Lopez lehendakari denetik “Espainiako parte garen honetan”. Hedabide garrantzitsuenetako zuzendarientzat edozer baita garrantzitsuago euskal politikagintza baino, dela Murtzian erori den emakumeari gertatuak dela Cadizen txakur batek besteari hozka egindako gertaera.
Baina zenbaitzuetan, errealitatea ezkutatu et deformatu nahian badabiltza ere, hain gainezartzen da ezinezkoa izaten dela ezkutatzea. Hori da joan den larunbateko manifestazioarekin gertatu dena; inongo hedabidek ezin uka baitzezakeen 2002ko hartatik, azken urteotan herri honetan eman den manifestaziorik handiena izan dena, 2002ko hartan Egunkariaren itxiera dela-eta Herri honetako gehiengo zabala kalera irten ginenekoa.
Eta Herriaren erantzunak gogoetara eraman beharko du baten bat baino gehiago –baita ezker abertzalea bera ere-; zeren, zer dela-eta oraingo honetan halako jendetza kalera irten eta ez ordea Mahai Nazionala atxilotu zuteneko hartan? Sinplea da erantzuna; joan den larunbateko manifestazioan parte hartu zuten gehientsuenek uste izan dute atxilotuak egin egiten ari zirela ahalegin sendoa ezker abertzalearen baitakoak soil soilik politikaren bide demokratikoetakoak izan daitezen; hartara etorriko ETAren borroka armatuaren desagerpena.
Biolentzia armatuaren desagerpena elkarrizketatua eta pausoz pausokoa izanen dela uste dute manifestazioan parte hartu zutenek, faltsuki itxitzat eman ez dadin. Eta nabarmen antzematen dute jolasgarri bihurtu duela gaia Estatuak, garai eta aldiak berera egokituta; eta honela, ez du borroka armatuaren amaiera atzeratzeko inolako eragozpenik, hala jokatuta kontrolpean izango ez dituen mugimenduak saihestuko baditu. Horiek manifestazioa hain jendetsua izatearen arrazoiak.
Eta alderdi espainiar nagusienen –eta kontrolpean dituzten hedabideen- erantzuna haien beldurren isla da: honela ari baitziren zenbait lerroburu, “…ezker erradikalarekin atera da PNV kalera Otegi defendatzera…” edo “…ETAren estrategia politiko-militarra kalean defendatzea egozten dio Rubalkabak PNVri…”. Hortaz, ondoriozta liteke PNV partekatzen zaigula ETArekin, Aresek berak hori nahi baitzuen aditzera eman, haren hitzetan “…PNV bezperan Durangon autobusa erre dutenekin kalera irten da…” esan zuenean.
Kazetarien galderak ere adierazgarri egiten dira oso “Lizarra indarberrituko al da?...” ari direnean, edo irakurri ahal izan genuenean “… talde armatuak Lizarra 2 zuen mahairatzen EAren siglapean, PNVren parte baten kidetasuna berekin zuela…”. Hots, hemen arazo nagusia ez da ETAk erailtzen jarraituko duena; egiazko buruhaustea etortzen zaie abertzaleen arteko ekimen bateratua gauzatu litekeela antzematen hasten direnean.
Eta Garzonen epaiak jasotzen dituen azalpenak irakurrita, ez dirudi askotxori sinesgarri egiten zaizkionik –manifestaziora gerturatu zen jendetza ikusi besterik ez dago-… baina Rubalkabak bere horretan dihardu, Herri honetako gizartearen iritzia aldatu nahian. Aitor Elizaran atxilotu zutenean, Otegirekin harremanak izan zituela baitzuen adierazi; … eta prentsaurrekoa zuen eskaini, esateko “…Elizaranen atxiloketaren eta joan den astean egindakoen –Otegi, Diez…-enak- artean lotura egon bazela…” inolako daturik eman ez bazuen ere. Eta azpimarratu nahi izan zuen “arduradun zutela Elizaran ETAren jarraibideak ezker abertzaleari helarazteko”, argi utzita, ETA dela argibideak ematen dituena.
Rubalkabak beti egin ohi duena ezagun zaigula, aski seguru esan liteke datozen asteetan jasoko ditugula “…ustezko ETAkideari antzeman zaizkion dokumentuen edukia faszikuluetan”.
Susmagarriago egiten zaiguna da espainiar barne ministerioak gordeta duela –eta ederki gordeta gainera- oraintsu ezker abertzaleko militantzia eztabaidatzen ari den dokumentua, zeinaren berri Gara-ren bitartez izan dugun, eta non esaten den “…ireki bedi prozesu demokratiko berria inolako biolentziarik gabea eta kanpoko esku hartzeetatik libro…”. Eta susmagarri dela diogu, inolako zalantzarik gabe jakin badakigulako Rubalkabak izan bazuela dokumentu honen berri –ezker abertzaleak idatzi ditzakeen guztiak dituenean- eta beti egin ohi duena –prentsara filtratu- oraingoan egin ez duenean. Are gehiago, legebiltzarreko kazetariei ziurtatzen zien barne kontseilari Aresek joan den astean bertan, dokumentuaren ezagutzarik ez zuela inondik inora,
–Aresen hitzek sinesgarritasun eskasa merezi badute ere-.
Eta horiek horrela, Lopezen gobernuak erabaki du –berebiziko garrantzia emanda- Estatutuaren 30.urteurrena ospatzea –globo aerostatiko eta guzti eskatuta-.Txundigarri egiten zaigu Estatutuaren ospatze horretan aritzea zeintzuk-eta, hasiera hasieratik haren garapena eragozten aritu direnak, bidelagun, Estatutuaren aurka bozkatu zutenak –PPkoak- dituztela. Berriro ere haien errealitatea dute eraikitzen eta gainontzekoei digute sinestarazi nahi, haiek nahi duten modukoa dela egiaz Herriaren errealitatea. Egia biribila dena da, azken hiru hamarkadatan alderdi sozialistak eta popularrak gutxietsi eta indargabetu dutela Gernikako Estatutua, eta etorkizunari begira Herriaren gehiengoak eskatzen duela hitzarmen berria, zeinak jasota lekarkeen Euskal Herriaren herri aitorpena eta haren erabakitze eskubidea; 2004ko abenduaren 30ean eusko legebiltzarrean gehiengo osoz onartua zen Euskadiren Estatutu Politiko Berriak eskaintzen zuen marko hura. Horra ezkutatu nahi duten errealitatea.

Zabaldu
del.icio.us

Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi