MUNDUA ATZEKOZ AURRE
eajandoain @ 14:46
Etorkizun luzea du PSOE-PPren artekoak, Euskal-Herrian behintzat ikusitakoen arabera: Nafarroan gertatu berri dena da paktuaren azken egiaztapena, UPNk bere Gobernutik CDN bota ostean, PSNk erabaki baitu NaBai koalizioarekin dituenak amaitutzat ematea; eta bat datoz alderdi biak haien argudioen azalpenetan, “hitzarmena zutenekiko koalizio-kideak erradikaltasunera joanak omen direla” diote; CDN alderdiarenganakoak zilegi egin ahal izateko Sanzek Vascuence legearekiko jarrera erabili zuen aitzakiatzat; eta NaBairenganakoentzat, alderdi sozialistak Berriozarreko txupinazoa. Aitzakiak guztiak, aitzakiak besterik ez.
Egiazko arrazoia jakin badakigu, PSN eta UPN 2011ko hauteskundeen osterako gobernu hitzarmena ixteko bidea egiten ari dira, oztopo izan litekeen guztia bazterrera bidalita. Eta eginen duten akordioaren aurrean –zilegitasun osoa badute ere- gauza bakarra behar da gogora ekarri; alderdi sozialista aurkeztu zela hauteskundeetara “aldaketa” lelo hartuta, eta engainua darabilela alderdi popularrarekin bat eginda; hauteskundeetako konpromisoei muzin eginda, jarraipena ematez Estatu estrategiari, ororen gainetik baitago Espainiaren batasuna, aitzakiak bilatuta estali nahian badabiltza ere.
Eta estali beharrekoez ari garela, oraindik orain jakin gabe gelditu gara alderdi sozialistaren txosten politikoarekin gertatutakoa. Kongresua egin dutela astea pasa denean, ez baitu inork dokumentu idatzia lortzeko aukerarik izan, jakin, ez dakigu beraz, zertan gelditu diren etorkizuneko hitzarmenen gainekoak. Eta gauza ez da aurrera begira egingo dituztenekiko zalantzak ditugula –garbi adierazita baitute delako “aldaketa” egonkortzeko PP behar dutela bidelagun; PP eta alderdien legea- , jakin mina bai sortarazten digu jakiteak hautesleria engainatzerainoko haien muga.
Dena den, alderdi biek Euskadin duten bat egite eta kidetasun maila ikusita ezinezkoa irudikatzen da Espainiako haien tirabira guztia; eta hain dira ari, ematen baitu EAJ-PNVren erantzukizuneko dela Estatuko aurrekontuen onartzea. Kontua baita, geure Herri honetan faktuz gobernukide diren alderdi biek ez dutela ahalegin sendoa egiten -konstituziozko patriotismoaren izenean- krisia gainditu bide aurrekontu egokiak onartzeko, eta EAJ-PNVrengan ikuspuntua jarrita, berau egiten dutela aurrekontu horien erantzule nagusi.
Gauden honetan, egin dezagun Estatuko aurrekontuekin gertatzen ari denaren azterketa. Zapatero egoera larrian dago oso, aurrekontuak onartuak behar ditu; hala egin ezean, hauteskundeak aurreratzera behartuta egon bailiteke. Ezinezkoa gertatzen zaio Euskadin kide duenak –PPk- Madrilen bearari babesa ematea, eta hortaz, EAJ-PNVri ari zaizkio tiraka. Deigarri egiten zaigu zertarako nahi gaituzten PSOE eta PPko hauek; Euskadi eta Kataluniako abertzaleak ez omen gara geure Herriak gobernatzeko beharrezkoak; erantzukizuna eskatzen zaigu ordea, Espainiaren gobernamendua bermatzeko. Mundua atzekoz aurre.
Horiek horrela, EAJ-PNVk bere erantzukizunean, erantzun egiten dio eta esaten, aurrekontuen gainekoez hitz egin ahal izateko, mahairatzeko, betekizun zenbaitzuk beharko direla bete, hiru hain zuzen ere: Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea beharko da onartu Madrilgo ganbaran; enplegu politiken ekimenen gainekoak beharko ditugu geureganatu, Eusko Legebiltzarrak ezarrita dituen baldintzetan, eta hirugarrenik, Espainiako gobernuak itzuli beharko ditu Arabako Ogasunari zor dizkionak, 456 miloi euro.
Azpimarratu nahi genuke aipatu hiru baldintzak onartuak zituela bere garaian Eusko Legebiltzarrak, eta aho batez onartu gainera; hots, PPk eta PSOEk berorien aldeko botoa zutela emanda eta hortaz, ez direla soilik abertzale edo EAJ-PNVren aldarrikapen, Eusko Legebiltzarrarenak baizik.
Azaldutakoak, hitz egitera esertzeko geure premisak dira; mahairatzeko premisak, ez aurrekontuak onartzekoak. Eta honetan ari zaizkigu nahaspilan sartzen. Batzuek zein besteek diotenaren arabera, ematen baitu horiek direla EAJ-PNVren baldintzak Zapateroren aurrekontuak onartu ahal izateko, eta oker ari dira. Sinestarazi nahi digute gainera, EAJ-PNV dela beharretan dagoena Aldundietako gehiengoaren gabezian. Argitu ordea, Aldundietakoak bideratzeko aukerak izan baditugula, bat baino gehiago…; Zapaterok zaila du ordea, oso zail. Eta premia Zapaterorena izanda EAJ-PNVri pasarazi nahi diote erantzukizuna.
Eta aste honetan bertan ezagutu ahal izango dugu Kontzertu Ekonomikoaren gainekoen elkarrizketarenganako gobernu espainiarraren jarrera –lehen pausoetan behintzat-. Hiru legebiltzarkideren ordezkaritzak defendatuko du Eusko Legebiltzarraren ahotsa –EAJkoa bata, PPkoa bigarrena eta PSOEkoa hirugarrena-, eta deigarria litzateke oso azken alderdi bien botoa Eusko Legebiltzarraren aurkakoa izatea, lehen aldia izango ez bazen ere. Antza denez, PPk abstentziora joko omen du, itxurak gorde behar baitira. Alderdi sozialistak egingo duena jakin ez dakigu ordea. Ez litzateke inolaz ere burugabeki pentsatzea izango lehenengo bozketan aldekoa bozkaturen dutela, jokoan dagoena baita legearen aldaketarako tramite onarpena, hori besterik ez; eta honela, aurrekontuen negoziaketetarako denbora haien aldera eraman, jakinaren gainean egonda blindatzearen beraren aurka bozka egiteko izanen dutela beti ere aukera –hori baita azken finean, egiaz balio duena-… . Denbora testigu.

Zabaldu
del.icio.us

Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi