Kontzertu Ekonomikoa, blindatu eta iraunaraztetik hari irain egitera
eajandoain @ 02:33
Luze da errepikatzen ari garela Espainia oztopo handi zaiola Euskadiri, politikoki ez ezik ekonomikoki ere. Azken emanaldietan esana dugu behin baino gehiagotan haien hazkuntza ereduak huts egin duela; bada okerrak eten eta zuzentzen saiatu ordez, hor ditugu behin eta berriz kudeatzaile txarraren liburutik errezetak jarraitzen. Eta krisiari aurre egiteko neurri eraginkorrak ezin hartuta dabiltzanez, errazenetik jo dute: zergak igotzetik.
Ezer ez da egiten estrategiko diren sektoreetan dirua sartzeko, dela teknologian, dela I+D+i n… zeintzuek etorkizun hurbil eta luzean posible egingo luketen espainiar ekonomiaren adreilutik bestalderako bilakaera. Zuloak estaltzen dihardute, zerura begira noiz atertuko zain, auskalo nork krisialditik atera ditzan.
Euskadin, pagotxaz edo… eta azken Jaurlaritzetako kudeatzaile EAJ-PNVkoei esker, beti arreta jarri izan zaio geure industria sareari, eta sartu izan da bertan dirua, haren berrikuntzarako, eraginkorra gerta dadin hemen eta mundu zabalean zabalduta bere aniztasun osoan. Geure erakundeek eutsi egiten diote, eta indartu ere krisi garai honetan, geure enpresenganako konpromiso horri, eta honek krisia jasanaraztetik libro uzten ez gaituen arren, irtenbiderako ateak bai dizkigula irekitzen.
Garbi dugu ikusten Aldundietatik ziklo aurkako ekimenetan, Lopez jaunaren gobernua hor badago ere –Lopez, eta honek Zapaterori egiten dion jarraipenezko politika-. Pedro Luis Uriartek innobasque utzi izana ez da inolaz ere zorioneko aurreikuspena. Lopez jaunaren gogoa Euskadin berrikuntza egitasmoak, erdi ministra Garmendia andereak zuzentzea da, Estatuko aurrekontuetan %15eko mozketa iragarri badiote ere. Honela hartzen omen etorkizunari aurre!
Txarra baita espainiarrekin berdindu nahi gaituzten hori; txarra espainiar eta behartsu egin nahi gaituzten hori. Lanerako geure jarrera bestelakoa da, erantzukizunak hartu eta sufritzekoa. Ez gaituzte laguntzetatik bizitzeko mundura ekarri; ez gara jaten ematen digun eskua musukatu edo hari botoa emateko eginak izan.
Ekonomia gaiekin aurrera eginda, argitu zaigu Kontzertu Ekonomikoaren blindajearen gainekoa. PPk esana baitu aurkako botoa emango duela –Basagoiti haserre egonda ere- eta eskatuta baitio PSOEri ere hala egin dezan. Pastor bestalde, konbentzituta azaldu da “bere alderdiak aldekoa bozkatuko duela”, baina jakin badakigu zer gertatzen den haien uste osoekin… ; eta bada ez bada ere hasiak dira esaten eztabaida hona, Euskadira, ekarri behar dela, eusko legebiltzarrak aho batez onartu bezala Madrilen itxi ordez. Eta presidentaorde andereak ikusten dituen “zailtasunak”, PPren eskaera zorrotzari erantsita, zail ikusten dugu oso Kontzertuaren blindatze auzia Diputatuen ganbaran onartua izatea. Berriro ere egiaztatu ahal izango dugu Espainiaren esanetara dauden alderdi biek nola duten “hemen, honela bozkatzen” eta “Madrilen beste horrela”; egia baita nagusiak agintzen duen tokian, gainontzekoek behar dutela egin txiton!
Eta beste hainbeste esan liteke Estatuak Arabako ogasunari zor dizkion 456 miloi euroren gainean. Zapaterok esana du errekurtsoa aurkeztuko diola batzorde zuzentzaileak egina duen ebazpenean eta zor duena, ez duela ordainduko –legez, hala behartuta badago ere-. Eusko Jaurlaritzak aldiz –hitz politak hizpide- errepikatu egiten du Arabako Aldundiaren alde egingo duela auzi honetan. Baina berriro ere diogu “nagusiak agintzen duen tokian….”.
Ospatu berri dugu bestalde aurtengo Alderdi Eguna. “Lehena Lehendakaria abertzalea ez dela” zioten behin eta berriz egunkarietako lerroburuek. Eta egia bada ere Gasteizen egun dagoena geurea ez dela, egia ere bada handia izan zela igandeko jaia, indar metatzaile emankorra bertan elkartu ginenontzat. Erantzun egin zion jendeak Alderdiaren deialdiari eta sentitu ahal izan genuen giza politikazko gehiengoa badela Herri honetan, deiadarka ari zaiona EAJ-PNVri motorra abian jar dezan –helburu eta pauso jakinetan- amesten dugun eszenatoki hura egia izan dadin; Euskal Herriari herri izaera aitortuko zaion eszenatokia, eta hortaz aitortuko Herri honi erabakitze eskubidea. PNVn horretan ari gara; hori bai, dagokion erritomo eta denboren kudeaketaz.
Eta azkenik, amaitzear gaudela, ezin aipatu gabe utzi dezakegu EITB nola ari zaigun testuingurutik kanpo dagoen hura bultzatu nahian; eguraldiaren maparena bitxikeria besterik ez da berriki egiten ari denaren aurrean; orain garrantzitsuena omen, guztiok espainiar garela eta hortaz, interes bereko dira Murtzian eta Bilbon gertatuak. Eta jakina, askoz aipagarriagoa da Jaenen gerta litekeena, Maulekoaren aldean. Jakin bagenekien oraingoa, gobernu aldatzailea zela.

Zabaldu
del.icio.us

Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi