Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


IBILBIDE LABURRA, GEZURTIARENA.

eajandoain @ 00:49

Hauteskunde aldian, duela urte erdi eskas, behin eta berriz PPrekin hitzarmena egingo ez zutela zioten horiexek, lasaitasun osoz aitortzen baitute orain haiekin (PPkoekin) duten hitzarmena, eta baita esan ere, aurrerantzean ere egin egingo dutela. Idatzi ere egingo omen dute, ebazpen politiko izaera emanda, haien hurrengo kongresuan bozkatua izateko.

Vocento taldeko hedabidetan honela esaten da “2011ko hauteskundeetarako PPrekin hitzarmenak sendotzearen alde egingo du PSOEk bere kongresuan”. Patxi Lopezen alderdiaren iritziz, PPrekin duen akordioa -zeinari esker lortu duten lehendakaritza, geure alderdiak baino 84000 boto gutxiago lortuta- ez omen da une politiko hartan, sortua zen aukerari erantzuna soilik,; ez, aurrera begira sendotu eta hazi eginen den estrategia da, hitzarmena erakunde anitzetara zabalduta, oraingo legealdi honetan ez ezik, aurrerantzean ere abertzaletasunaren ordezko alternatiba haiena bermatzeko. Eta DVn eta El Correos azaldu direnak baieztatuz egin ditu Pastorrek Herri Irratian adierazpenak.

Berriak ez gaitu harritu; denbora luzea da horixe ohartarazten ari garela. Kanpaina garaian ere esaten genuen PP eta PSOEren artekoa sendoa zela oso; eta hauteskundeen ostean zenbaitzuek esaten bazuten ere alderdi horien bien hitzarmenak iraupen txikia zuela –Espainian liskar betean ari ziren biren arteko gobernuak ezin iraun zezakeela Euskadin- Joseba Egibarrek behin eta berriz zioen akordioak erroak sendotuak zituela oso, estrukturala zela. Eta zentzu horretan, iraupen luzekoa izenen zela, alderdi biek Estatuan dituzten tira-birekiko libro. Eta honela ohartarazten zigun Egibarrek, jakin bazekielako PPk eta PSOEk Estatu estrategia dutela abian jarrita euskal bereizitasuna ur-ardotzeko, diluitzeko.

Jakin ez dakiguna da alderdi sozialistari botoa eman zioten haien iritzia; bere garaian Lopezek lau haizetara ahoa bete hortz esaten zuenean “… ez dut inoren aurka gobernatuko…, guztion aldekoa izango da nik osatuko dudan gobernua…, alde bakarreko jardunak amaitu dira…, eta sekula…, inoiz ere ez, nik buru dudan gobernurik ez dut frentismora bultzatuko….”entzun ondoren, egun, ikusiak ikusita pentsatzen dutena. Eta zer esanik ez Jesus Egigurenek esaten zituenak gogoratuta, harengan konfiantza ezarri zutenen iritzia “….ez, inolaz ere ez…, ez zirela PPrekin bat eginda gobernatzen arituko, hura izanen baitzen gobernu frentista…” “….PSEk irabaziko badu gobernu zeharkakoa bilatuko dugu…, PPrekin gobernuan jarduteko aukera baztertuta dago guztiz…” “….ni presidente –zioen Egigurenek irmotasunez- eta Patxi Lopez idazkari nagusi (PSErena) garen bitartean, PSEk ez du PPrekin gobernatuko…, …ez dira haizeak eramango dituen hitzak…” horiek Argia aldizkariari azaroaren 30ean elkarrizketa batean. Baina jakin badakigu sozialistak maisu direla esan…, esan bai…, baina gero hitzak haizeak eramate horretan.

Bien bitartean “herriaren egiazko arazoak”, lehendakaritzara heldu aurretik hain aipatzen zituzten horiek handitu bestetik ez dira egiten ari. EUSTATen datuen arabera, euskal barne produktu gordina 2009ko bigarren hiruhilekoan %306a jaitsi da, 2008ko aldi berarekiko konparaketa eginda, eta hirugarrenez aurreko hiruhilekoarekiko bilakaera negatiboa izan du.

Logikaren baitakoa da euskal ekonomiaren egoerak okerrera egitea, Lopezen gobernua Madrilek zer egingo ari baita begira, Zapaterok Madrilen zer egingo zain baitaude hori bera ondoren hemen ezartzeko. Eta gauza ez da soilik euskal bereizitasuna diluitu nahi dutela, ekonomiari ere haien homogeneizazioa nahi diote ezarri. Honela bada, ohiko egiten ari zaigu Ekonomia kontseilaria, gobernuko bozeramalea edo Patxi Lopez bera kontraesanetan erorita ikustea ekonomia gaiez ari direnean. Egun hauetan ikusi ahal izan dugu zergen ustezko igoeraren gainekoetan, Agirrek batetik ukitu beharko direla…, Mendiak ondoren ukitzeak ez omen duela esan nahi igo beharko direnik…, eta azkenik berriro ere Agirrek esaten ditu bereak eta uzten gaitu guztiak hasiera batean baino nahasmen handiagoan. Nola argituko digute ezer bada, jakin ez dakitenean egin behar dutena zen den Zapaterok azalpenik eman ez dielako… .

Lopez jauna, espainiar gobernuaren ordezkari lanetan dabilen beste adibide bat: Beloki Diputatu jaunak (EAJ), Gorteetako Chacon Ministra andreari, espainiako armadaren laguntza eskatzen dio Somaliako uretan dabiltzan euskal arrantzaleentzat. Erantzuna: “segurtasun pribatua ordaindu dezatela”. Lopez jaunaren gobernuko Nekazaritza eta Arrantza Sailak bizkor erantzuten du eta armadoreei, segurtasun neurrietan erantzunkide izan daitezen eskatzen die, Gobernu Zentrala egiten ari den esfortzuaren aurrean. Horretarako Autonomia!

Eta ez da inongo sekretu aitortzea hazkuntzarako espainiar eredua desorekatua dela oso, eta geure ekonomiak, euskaldunonak, azken hamarkadatan izan duen arrakasta zordun zaila hemen bultzatu den ekonomia sistemari, espainiarrenarekiko desberdintasunean. Jarraitu beharreko eredua Zapatero jaunarena bada, ibiliko gara larri; oso larri, orain arteko emaitzak hor baitaude: izan ere, Europar Batasuneko (27en Europako) zazpi estatu nagusienen artetik Espainia baita ekonomia gainbeheratik ateratzen hasi ez dena. Europar Batzordearen arabera, Espainia izanen da bere barne produktu gordinaren hiruhilekoen arteko igoera, urte amaierarako, negatiboa emango duena.

Eta kontua da, Zapaterori bere paperezko gaztelutxoa ari zaiola erortzen…, …izarra itzali zaiola ematen du… . Prisa taldeak plazaratzen dituen azalen lerroburuak irakurri besterik ez dago, eta egiaztatu, “…krisiaren aurrean nola ari den Zapatero, ez zaio gustatzen ari PSOEko askori…” edo “…Zapateroren presidentzialkeriak arrastaka darama krisiaren aurkako gobernuaren ekimena…”.

Zorionez, izan badugu hemen, gure herri honetan oraindik orain fundamentuzko gobernu bururik; amaitzear dugun aste honetan bertan Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok aurkeztua baitu krisiari aurre egiteko egitasmo trinko eta zorrotza: 100 miloi euro (garai bateko 16600 miloi pezeta) baititu baliatuko geure lurraldearen gizarte eta ekonomiarengan dinamizazioa eragiteko. Zer ikusirik ez joan den astean ezagutzera eman zen Lopezen ebaki-itsatsi delako harekin.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

 
  • Nondik sartu dira?
  • Gaur bezalako egun batean gertatu zen
  • Blogosfera JELtzale

    Kategoriak

    Tagak

    Nire Tagak

    Sindikatu