Aresen uda: ormak garbituz ERREALITATEA EZKUTATU.
eajandoain @ 14:57
Iraila heldu da eta gehientsuenak geure lanetara itzulita gaude. Oporraldia atzean utzita, Euskadin, azken asteotan gertatu denari errepasoa eta gain begirada emateko aproposak dira hasierako egun hauek. Eta azken hilabeteko prentsa dossierrei lehen begiradarekin egin liteke hasierako azterketa: Herri honetan soilik ETArekin zer ikusia duena gertatzen da interesgarri, Eta zer esan... tristea dela oso halako balantzea; eta kontraesan handikoa ere bai; kontuan hartuta, aipatu notizia horien eragileak direla hain zuzen ere, behin eta berriz defendatzen ari direnak, eraso-talde sinple baten pareko bihurtzen ari dela ETAren gainekoa, konpondu gabeko arazo politiko batekin zer ikusirik ez duena. Eta hori hala dute ikusten, Herri honetan ez baitago arazo politikorik; arazoa, biolentzia mailakoa omen da soilik.
Dela atentatua…, dela atxiloketa…, dela tira-bira presoen argazkiak kendu beharrarekin… edo ormetatik erakunde armatuaren aldeko pintadak garbitzearen gainekoekin… . Horrelakoekin izan dute soilik zer ikusia komunikabide desberdinen politika saileko orriek. Eta jakina, orriek, berean jasoak izan dituzte politikari sozialisten adierazpen luze eta ugariak, batez ere, Gasteiz eta Madrilgo gobernuetako barne sailen arduradun Ares eta Rubalkaba arduradunek eginak: “elkarrizketa bidezko amaierarik ez du izango…” omen zioen Aresek, Madrilekoak ondorengoak aipatzen zituenean “ETA bizirik den artean, Batasuna ez da erakundeetan egongo (biolentzia gaitzetsita ere)”… . Asmatu ere egin dituzte notiziak, honela aritu baitira lerro-buruetan: “biolentzia jarduna baztertu gabe, ETAk politika jorratzen utziko dio ezker-erradikalari”… eta bide batez, adierazpen berriak egiteko aukera eman aipatu arduradunei.
“inpunitatea amaitua dela…”, “normaltasun faltsuaren aldia ere amaitu dela…” Aresen esanetan. Hitz gutxitan, amaiera eman zaiola “ETArenganako permisibitateari…”; orain arteko gobernu abertzaleek bultzatu eta bere egin duten permisibitateari. Hortaz, ETAren aurka gaudela adierazteko, EAJ-PNV eta gainontzeko alderdi abertzaleek beren helburuei uko egin behar diete, hala egin ezean erakunde armatua arituko baitira indartzen. Hori da –eta ez besterik- adierazi nahi dutena “biolentziari zilegitasuna kentzeaz” ari direnean, “demokraten bat egiteaz” ari direnean.
Eta ondorioztatzen dena garbi dago. Ikuspegi politikotik, ETAren biolentziak gehien kutsatu eta zigortzen duena euskal abertzaletasuna da, ekimen bateratua eragozten baitio. Eta jakina, hori Estatuak jakin badaki. Estatuak jakin badaki, Herri honetan, gehiengo sozial eta politikoa abertzalea dela, baina ETAk berean diharduen bitartean ezin antzemango dela, ezta elkartuko ere bere dituen helburuak lortzeko. Markel Olanok Alderdiaren urteurrena dela-eta bere idatzian esan bezala “ETAren biolentzia bilakatu zaio abertzale mugimenduari faktore zatitzaile eta distortsiozko, eta eman dio bide Estatuari euskal abertzaletasunaren aurka erosiozko dinamika egiteko”.
Eta gauzak horrela, egungo barne ministroak behin eta berriz gaitu txunditzen. “Euskaldunon lagun den honek” esana baitu “Espainiak ezin egin dezakeena dela, Kataluniako parlamentuaren erabakiari ezetzik esan” –bertako Estatutaz ari dela-. Uka badezake ordea -2005ean egin bezala- Eusko Legebiltzarraren erabakia denik? Zer ote…, Herri baten erabakia errespetatzeko –bere parlamentua ordezkari duela- Espainiak nahitaezkoa duela alderdi sozialista bertan gobernatzaile?
Dena den, aitortu behar da ETAren biolentzia –ETA beraren jarduna eta inguratzen duen guztia- emankorra gertatzen ziola askori, erabili egiten baitute abertzaleon arteko ekimen bateratua ukatzeko ez ezik, Lopezen gobernuaren jardun eza estaltzeko.
Joana zaigun abuztuan bete ditu gobernuak bere 100 egunak eta balantzea hor dago: “herritarren arazoei tinko eutsi behar ziotenak” soilik dira arduratu euskal identitatearen ikur den oro desagertarazteaz; eta halakoetan ari dira…: Euskal Herria terminoa ezkutatuta dute –izan ere, baldin bagara Herri, izan baitugu eskubide erabakigarri-; Euskarak bere hizkuntza-ofizial izaera galdua du eta ingelesaren pareko egin nahi da; atzerriko euskal ordezkaritzak desagertzen dira…, ETBren eguraldia mapa aldatzen da…, eta jakina, bien bitartean ugaritzen dira espainiar naziotasun ikurrak, Ajuria Enean, Arkauten eta Lakuan espainiar bandera jarrita.
Jokoa ordea, ez da hor eteten. Sinestezina dirudien arren, Patxi Lopezen gobernuak nahi baitu Espainiarekiko homogeneizatze ahalegina arlo ekonomikora ere eraman. Eta orain-arteko gobernu abertzaleen ekimenez nagusitu den ekonomia-hazkuntza ereduari eutsi ordez –eredu espainiarra baino emankorragoa izan dena, emaitzen arabera- arduradun politiko berriak, Zapaterok zer esango zain daude; hango aginduak jasota, hemen indarrean jartzeko. Tamalgarria guztiz hau guztia gure Herriarentzat, kontuan hartuko badugu langabezi tasa gorena -27en Europan- duela lortzen Espainiak.
Eta estali nahian ibili badira ere, Lopezen gobernuaren lau hilabete hauen emaitzak ageriko egiten ari zaizkigu; ez baitute ekonomia-krisia gainditzeko ezer berririk egin, Ibarretxeren Jaurlaritzak abian jarri zituenetik harago. Datuak ikusi besterik ez ditugu: autonomia erkidegoak abuztuan 3614 langabetu berri erantsi ditu, uztaileko tasa %3.10ean igota; eta dagoeneko geureak ditugu 120318 langabetu, duela urtea baino ia %50a baino gehiago. Eta honen aurrean bururatzen zaien gauza bakarra, zorpetzea da; zorpetu, eta jakina! aurreko gobernuaren ekimena, egungo egoeraren erantzule egin. Baina Zapateroren 420 euroko laguntzari ematen ari zaizkion isla ikusita, ematen du halako neurriak ezarrita aterako omen garela krisialditik. Hedabideek jasotzen ez dutena , Euskadin, EAJren gobernu ezberdinetan, egun Sarreren Bermezko Errenta deiturizkoa martxan izan dugula, espainiako presidenteak proposatzen duen 420 eurokoa baion kopuru handiagoarekin besteak beste.
Eta A gripeari aurre egiteko, Gasteizkoak lasai. Lopezen gobernuak eskatuak omen ditu maskarilak eta funtzionarioen ageriko harrera manpara bidezkoa izango da. Gomendatzen diegu izan bedi gobernua bera txertoa hartuko duen arriskupeko lehen taldea “Herri honek ezin eutsi baitezake bere gobernua gaixotuta, eri”.
Eta horiek guztiak horrela, zetan ari da Lopez lehendakaria? Vanity Fair aldizkariaren azken aleak argi du adierazten bere argazkian: MP3a bere belarrietan duela, musika ari da entzuten Lopez, Ajuria–Eneako butaketako batean erdi botata. Horra, “euskaldunon egiazko arazoez kezkatuko zen lehendakariaren espiritua” ekonomia krisiari aurre egiteko. Hitzak, guztiak soberan… uda oso estrespean eman duela akaso?... . Dena den, 20 “espainiar” garrantzitsuenen arteko Lopez izendatua izatea nahikoa zaiona, izan bada Herri honetan ere. Ez dakigu zeren araberako erabakitzen dituzten aldizkariek beren pertsonaiak “garrantzitsuenen arteko” edo “dotoreen arteko…”; Jakin badakigu ordea, Lopez espainiarra dela.
Horri guztiari eutsita, EAJ-PNVk argi egiten du hitz oraingoan ere. Esaten baitu bere lehentasun egiten duela, batetik -ekonomia arloari helduta- Lopezen gobernuak -bere kudeaketa txarra dela-eta- Herriari eragin diezaiokeen kaltea gaitzestea; eta bestetik, politikagintzan, diputatu nagusi Markel Olanok lehen aipatu artikuluan idatzitakoari ekitea; hots, bertan zioena gogora ekarrita …“euskal abertzaletasunak behar du aurrera eraman eta bultzatu ekimen politiko koherentea, oinarri ondorengo printzipio demokratikoa izanen duena: euskal herritarrek hartuko dituzten erabakiek beharko dituzte alde desberdinekoak negoziatzen jarri; eta negoziatzen jarrita, egina den eskaerari erantzuna eman…. . Hain zuzen ere, bizi ditugun egun hauetan horixe dugu helburu, esparru hori zabaldu eta sozialki sendotzea”… Politikagintzan egin beharrekoa garbi beraz; erantzun, irmotasunez erantzun, PSOEk eta PPk aurrera daramaten Estatu estrategiari.

Zabaldu
del.icio.us

Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi