Abertzaletasunaren etorkizuna
eajandoain @ 23:39
2009-07-31 BERRIAn argitaraturiko iritzi artikulua.
Markel Olano Arrese, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak idatzia.
Gaur dira 114 urte EAJ-PNV sortu zela. Historian gorabehera ugariko uretan egokitu zaio igeri egitea gure Alderdiari. Oraingoa ere garai berezia dugu. Alderdi konstituzionalistak helburu estrategiko bati emanak daude jo eta su: euskal abertzaletasuna erakundeetatik kanporatzea, arrazoi bategatik, erabakitzeko eskubidearen aukera bide demokratikoetatik aurrera eramango duen gidaria euskal abertzaletasuna izaterik onartzen ez dutelako. Euskal herritarren borondate politikoa Estatuarenak irentsi dezan saiatzen ari dira eta horretarako ikuspegi hau ari dira gizartera zabaltzen: abertzaletasun historikoa iraganeko kontua da eta zatiketa esan nahi du. Operazio hau udal eta foru hauteskundeetan borobiltzekotan dira konstituzionalistak. Aurrera egingo duten ala euskal abertzaletasunak bere indarra berreskuratuko duen, gure erantzun-gaitasunaren baitan dago.
Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria kanporatzearen azpian zera dago: erabakitzeko eskubidean oinarrituz Euskadi eta Espainiaren arteko harreman berriaren proposamenari erantzutea. Horretarako bi eragile izan dituzte eskura: Ezker Abertzalearen legez kanporatzea eta, euskal abertzaletasunaren hauteskunde-esparruaren ahultzea.
Zergatik ari da gogoz hozten esparru abertzalea? Nik uste, ETAk egindako kalteagatik, abertzaletasunaren banaketagatik eta euskal auziari zuztarretik heltzeko Estatuaren borondate politiko ezak sortarazten duen blokeo instituzionalagatik. Arrazoi hauez gain, bada aintzat hartzeko beste eragile bat: euskal gizartearen kultura politikoa astintzen duten eraldaketa sozialak.
Lehendabizi, ETAren indarkeriak konponketarik ez duen mina eta sufrimendua dakarkie biktimei eta gizarteari; baina, horrez gain, oztopo egiten dio, euskal herriaren erabakitzeko eskubidea estrategikoki garatzeko eztabaidari; ETAren indarkeriak zatiketa eta nahasketa ekarri ditu abertzaletasunaren baitara eta erraztasuna eman dio euskal abertzaletasuna ahitzea bilatzen duen Estatuari. Premiazkoa dugu esparru abertzalean ekinbide estrategikoko gune bat eraikitzea eta horretarako ezinbestekoa dugu blindaje etikoa, izan ere araudi etiko zorrotz baten bidez bakarrik egingo du aurrera euskal abertzaletasunak. Politikaren garaia da; ETAri aurre egiteko denbora, erabakitzeko eskubidearen estrategia eragilea izango bada, etikaren aldeko aukeraren eskutik etorriko baita, bake-bidea, bizi-eskubidea eta guztien giza eskubideak gordez.
Bigarrenik, Estatutua bete gabe dugun honetan, akordio berri baten egitasmoari ezezko hertsia eman dio Estatuak; eta horrek balio demokratikoa kentzen dio gure bizikidetza-sistemari. Baina ezin gara besoak tolestuta geratu; nahitaezkoa dugu gure buruari galdetzea zein baldintza sozial eta politiko ditugun aurrera egiteko.
Egia da galdu samar gabiltzala, baina ostera lema hartzeko tenorea da. Esparru zabal bat eraiki behar dugu gure herriaren erabakitzeko eskubidearen alde; egitasmo ona da eta etorkizuna du.
Erabakimenaren irizpideari bultza egin behar dio euskal abertzaletasunak eta oinarri demokratiko horrekin ezkontzen den egintza politikoa burutu, alde batekoak zein bestekoak negoziatzera eta egindako eskariari erantzun zuzena ematera beharturik gerta daitezen. Une honetan, erabakitzeko eskubidearen esparrua gizartean sendotzea da erronka; gizarte zibilean, gizarte antolatuan eta erakunde arteko sistema osoan indartzea da jomuga. Beharrezkoa da euskal herriaren borondate politikoak ezerk geldituko ez duen jendearen emana lortzea, euskal erakundeen eta Estatuaren arteko indar-korrelazioa aldatu eta baldintzatzeko.
Asko eztabaidatu izan da euskal abertzaletasunak konstituzionalismo espainiarrarekin izan beharreko harremanaz. Elkarlanari bide ematea beharrezkoa deritzot; baina elkarlan orok begirunea eskatzen du, eta elkarlanerako prest dauden alde guztiak baldintza bereko esparruan ariko direla onartzea. Beharrezkoa da erakundeok kudeatzen dugun herri-politikagintzan, lidergo partekatuaren bitartez, akordiotara iristea herritarren onari erantzunez. Nekez egingo dugu akordio sakonik, bilatzen dena Euskadi Espainiaren menpeko izatea baldin bada; elkarrekiko aitortzan eta bakoitzaren erabakimen-eskubidearekiko begirunean oinarrituz bakarrik iritsi ahal izango da akordioa. Beharrezkoa da lan-ildo horri berriro eustea.
Hirugarrenik, euskal abertzaletasunaren zatiketa politikoak eta oinarritan bat etortzeko gai ez izateak ez dute utzi nazio-eraikuntzarako egitasmorik jasotzeko oinarriak ausardiaz finkatzen. 30 urte eta gero elkarren aurka gabiltza eta ozta-ozta gara gai garapen-arlo partekatuak sortzeko, egitasmo nazional batean aurrera egiteko. Euskal abertzaletasunaren banaketa dugu euskal nazio-estrategia gehien ahultzen duen eragileetakoa.
Euskal abertzaletasunak ez du gehiago luzatu behar lan-ingurune zabal baten eraketa. Gauza izan behar du erabakitzeko eskubidea bakez irrikatzen dugun eragile politiko eta sozialen arteko elkarlanari bide ematen hasteko. Elkarri laguntzeko sare berriak eratu beharko ditugu gizartean abertzaleok, alderdien harremanez gaindi. Gizartearen indarra behar dugu, erabakitzeko eskubidea errespetuz beteko duen akordioa gauzatzeko. Bat eginda lan egiteko unea dugu.
Euskal gizartea aldaketa handiak ari da jasaten bere kultura politikoan. Herritargoak politikarekiko duen harremana gero eta ahulagoa da. Politikak orain dauzkan gizarte-baldintzak kontuan edukita, euskal abertzaletasuna modernizatze eta gaurkotze estrategikoari ekin beharrean dago aurrera egiteko. Egun, nork bere burua neurritzat duen gizartean bizi gara. Honenbestez, elkarte- egitasmo erakargarri eta modernoa eskaini behar dio euskal gizarte gero eta indibidualistagoari. Egitasmo horrek inguru batekoak garela jabetzen lagunduko digu; bertakoa izateak segurtasuna eta askatasuna emango digu eta gure nortasun indibiduala eta kolektiboa errotzen lagunduko. Beraz, alderdi politikoen esparrua beste arlo batzuetara hedatu behar dugu: gizarte-elkarteetara, ekonomia arloko erakundeetara, gure egunerokoa ehuntzen duten sare sozialetara, etab.
Gure gizarteko talde eragileenen amets, balio eta lan egiteko moduekin bat etorri behar du erabakitzeko eskubidearen aldeko estrategiak. Gazteak harrapatu behar ditu, bereziki. Funtsezkoa da testuinguru konplexu eta aldakorrera egokitzea. Gizartearekin komunikatzeko gaitasuna areagotzeak gure hizkera berritzea esan nahi du. Mezuak nola bidali eta nola helarazi asmatzea esan nahi du. Nolanahi ere, modernizatze prozesu hau behar bezala egiteko, oinarriek sendotasuna izan behar dute eta egitasmoak, koherentzia. Horra oraingo garai honetan zain dugun desafioa. Hel diezaiogun uste osoz, gogo beroz, guztiok elkar harturik.

Zabaldu
del.icio.us

Ez dago erantzunik »
Erantzun bat idatzi