Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


Asteko kronika .EUSKARAZ.

eajandoain @ 18:51

Kargu hartu eta hilabetera, Patxi Lopezek ziurtatzen zuen “aldaketa” jadanik nabari zela. Batek baino gehiagok galdetzen zuen nola egin zezakeen halako baieztapenik, bere sailburuek -Legebiltzarreko agerraldietan- materien ezagutza falta eta hurrengo lau urteetarako sail bakoitzean garatzeko asmoa zuten ekimenak zehazteko gai ez zirela zuritzeko, “hilabete bakarrik zeramatela ” aitzakia zerabiltenean.

Baina Lopez entzutean harritzen ginenok, aitortu beharra dugu “aldaketa” famatu hori errealitate bihurtu dela. Ez dugu EITBko eguraldi mapa ikusi besterik “aldaketa” hori ikusteko. Euskal Herria ez denez -Abertzaleon ameskeria bat da- , Alberto Surioren talde berriak, zazpi lurraldeez gain, Kantabria, Errioxa eta Aragoi iparraldeko... iragarkiak gehitu dizkigu. Eta ez da arazo politikoengatik. Bai zera! Hiritarrei zerbitzu hobea eskaintzeagatik baizik, orain denok hiritarrak baikara, ez dago euskaldunik. Esan zuen Lopezek kanpainan: Beraiek hiritarren egiazko arazoak konpontzeaz arduratuko zirela abertzaleon irudimenean dauden nortasun arazoez bizitza nahastu beharrean. Eta, bistan denez, eguraldi mapak kezkatzen ditu.

Baina, “aldaketa” ez da hor amaitzen. Osasun sailburuak iragarri digu “hurrengo Enplegu Publikorako Eskaintzetan, euskarak ez du orain artean izan duen pisurik izango”. Horrela, profesionalik onenak erakarriko ditugu, euskara ez jakiteagatik Euskadira etortzeari uko egin diotenak, azaldu du. Eta egia, azken EPE egin zenean, 2.500 posturako 90.000 pertsona aurkeztu zirela, da. Zenbakiak ikusiz, ez dirudi euskara jakin beharra, profesionalak erakartzeko oztopo denik.

Bestalde, Sailburuak dio kontratazio zerrendan 35. postuan dagoen pertsona, bat-batean euskaragatik, 135. postura erortzen dela. Errealitatea berriz, Osakidetzan postu bat lortzeko, gehienez 100 puntu lortu daitezkeen eta 50 punturekin gainditzen den azterketa bat egitea da. Ondoren, azterketaren emaitzaren arabera gehienez 76 puntu lor daitezkeen meritu bigarren zatia; esperientziak gehienez 40 puntu balio ditu, ikasketa eta gradu-ondoko ikastaroek, gehienez 20 puntu eta euskarak gehienez 16 puntu. Ikus daitekeenez Osakidetzan postu bat lortzeko elementu diskriminatzailea ez da euskararen ezagutza edo ez ezagutza, aipatutako ataletan lortutako puntu guztien batuketa baizik. Baina benetan larria da, Osasun sailburuak, herri honetan, bi hizkuntza ofizial, euskara eta gaztelera, daudela, eta Osakidetzako erabiltzaile guztiok, bi hizkuntzetan artatuak izateko eskubidea daukagula, saihestea da. Eta ez da hori bakarrik, Espainiako Pediatria Elkarteko presidenteak dioen moduan “homologazioak sendagileak hizkuntza ezagutzen duela zaindu behar du, horrela egin ezean gure herriko, Espainiako, osasun-laguntzaren kalitatea kaltetu daiteke eta”. Itxuraz Espainiako balio duenak ez du Euskadirako balio. Baina, ez al duzue esaten bada, hau ere Espainia dela?

Patxi Lopezek ez du bere sailburuak baino gutxiago izan nahi eta bere ekarpena egin du. Bederatzi legealditan, lehenbiziko aldiz gertatu da Lehendakari batek ez duela Gobernu egitasmorik aurkeztu. Legebiltzarrari, kontrola egin ahal izateko ezinbesteko duen tresna ukatu, lapurtu dio. Datozen 4 urteetarako hartuko dituen konpromisoak idazteari uko egin dio eta bere Gobernu egitasmoa, PSEk aurkeztu zuen hauteskunde programa dela dio.

Baina, herritarren gehiengoak ziurrenik ez du jakingo hau gertatzen ari denik ere, komunikabideek kontatzen ez dutelako. Bi kontu hauek -Osakidetzan euskara eta Gobernu egitasmoa- Legebiltzarraren Kontrolerako azken Osoko Bilkuran landu ziren, baina inork ez zituen Eider Mendozaren (EAJ-PNV) argudioak jaso -hemen jasotakoak-; aldiz, komunikabide guztietan entzun ahal izan genuen, osasun Sailburuak esana “kontratazio zerrendan 35. postuan dagoen pertsona, bat-batean euskaragatik, 135. postura erortzen da”. Joseba Egibarrek Patxi Lopez-i egin zion parlamentuzko jabeldurari dagokionez berriz, bozeramale jeltzalearen hitz batzuk emateko zertzelada izan zuten- azken finean PNV da ganberako alderdi nagusia-, baina eztabaidan egon ginenok argi eta garbi esan dezakegu, komunikabideek eman zutenak ez duela inondik inora bertan bizi izan zena azaltzen. Norbaitek egiaztatu nahi badu, Legebiltzarreko web orrialdean sartu eta bilkurako bideoa ikusi besterik ez du. Patxi Lopez berriro ere irrigarri geratu zen.

Hauek, “aldaketa” jadanik errealitatea denaren adibide batzuk besterik ez dira. Zerrenda bukaezina da. Eta, kasu batzutan ezin dugu “aldaketa” zehaztu, Lopezen exekutiboko karguen irizpide ezberdinek, zalantza sortzen baitigute. Honela, ez dakigu, Idoiak Mendiak dioen moduan “ETAren biktimak besterik ez daude”n edo GAL eta martxoaren 3ko biktimak, biktima izaten jarraitzen duten, Maixabel Lasak omen dioen moduan.

Nola ahaztu Gorbeako gurutzean bandera espainola jarri dutela, Estatuaren segurtasun indarren presentzia Gernikako juntetxean edo Legebiltzarreko presidenteak Guardia Zibilaren goi mailako arduradun bat hartu duela. Noski, hauek ere “aldaketak” dira. Itxuraz, ezinbestekoa da hau ere Espainia dela helaraztea eta normala hau dela, orain arteko egoera anormala zela azaltzea.

Honaino benetako “aldaketak”. -Nazien propaganda ministroa zen Goebbels-en legeari jarraiki- errepikatzearen indarra medio, errealitatea aldatu nahi dutela ere sumatu baitugu. Horrela, “Sozialistek, gizartearen konfiantza irabazi dugu” edo “Euskal gizarteak Herri hau gidatzeko aukeratu gaitu” eta antzekoak esaten entzun dezakegu Patxi Lopez, errealitatea bestelakoa denean, bera ez du euskal gizarteak aukeratu; PSEren 25 bozka, PPren 13 bozka, Alderdien Legea eta epai judizial bati esker da Lehendakari. Hau lagin bat besterik ez da, baina beste hainbeste aipa ditzakegu. Komunikabideen bozgorailua medio, Euskadin soziologia aldaketa bat eman dela sinetsarazi nahi digute: Orain gehiengoa konstituzionalista dela. Baina min egiten dien arren Euskadi abertzalea da. Datuek ez dute gezurrik esaten. PNVk PSEk baino 81.488 bozka gehiago jaso zituen legebiltzarrerako azken hauteskundetan. PNV, Aralar eta EAren ( Ibarretxeren aldeko botoa eman zuten) bozka batuketa 500.312koa da. PSOE, PP eta UPDren bozka batuketa baino 13.819 bozka gehiago. EBk lortutako bozkak gehitzen badizkiogu ( inbestiduran abstenitu egin zen, baina aurreko legealdian PNV eta EArekin koalizioan agintzen zuen), aldea 50.192 bozkakoa da. Eta guzti hau Ezker Abertzalea kontutan izan gabe, kanpoan utzi dute, PSOEk eta PPk bazekitelako Ajuria Eneara iristeko tranpa egin beharra zeukatela. Gai honek beste artikulu bat eskatzen du. Milaka pertsonek bere eskubide zibil eta politikoak murriztuta izatea normala dela sinistarazi nahi digute.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

 
  • Nondik sartu dira?
  • Gaur bezalako egun batean gertatu zen
  • Blogosfera JELtzale

    Kategoriak

    Tagak

    Nire Tagak

    Sindikatu